2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazioan du jatorria dinamikak. Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde Iruñean inoiz egin den aldarrikapenik handiena izan da manifestazio hori eta orduan zabaldu zen lehenengoz “Euskaraz Bizi Nahi Dut” mezua.
Eta zer da ba euskaraz bizi nahi izatea? Euskaraz bizitzea ez da ikastea bakarrik edo familiarekin hitz egitea, euskaraz bizitzea da kirola egitea, lan egitea, hedabideak erabiltzea, medikuarenera joatea, erosketak egitea, zinema ikustea… Finean, bizitzea: iratzartzen garenetik oheratzen garen arte gure ohiko jarduerak euskaraz egitea da euskaraz bizi nahi izatea.
Eta norberaren egunerokoa berea bakarrik denez, euskaraz bizitzeko nahiak ere mila aurpegi ditu. Mila pena, mila poz, mila motibazio, mila desira, mila egonezin… Guztiok dugu zer esan eta zer egina.
Esate eta egite horien isla izan nahi du webgune honek, euskaraz bizi nahi dugun herritarren komunitatea eta plaza. Komunitate herrikoia, nahi duen ororentzat irekia. Euskaraz bizi nahi dugunon egitasmoak, eskaerak, aldarrikapenak, festak… biltzen dira hemen, norberak nahi duen espresio eta agerpen mota erabiliz.
Urte hauetan guztietan, herritarren lanari esker proiektu ugari jarri da martxan Euskal Herrian eta horri esker urratsak eman dira euskararen normalizazio prozesuan. Hala ere, oraindik bidea dugu egiteke eta gure hondar aletxoa jarri nahi dugu, jartzen jarraitu nahi dugu horretan. Nahi baduzu, ongietorria izango zara zu ere.
Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamika Euskalgintzaren Kontseiluak abiarazi zuen herritarrak ahalduntzeko helburuarekin. Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz. Informazio gehiagorako: www.kontseilua.eus