oinarriak

kartela-film-lehiaketa2013

HELBURUA:

Film laburren bidez euskaraz bizitzeko nahia irudikatzea da lehiaketa honen helburua. Izan ere, lehiaketa hau Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan kokatzen da eta lehiaketara aurkezten diren lanek dinamika honi ekarpena egingo diote ikus-entzunezko alorretik. Bigarren edizio honetan DONOSTIAKO ZINEMALDIArekin, HENDAIA FILM FESTIVAL-ekin indarrak batu ditugu euskaraz bizitzeko nahia hedatzeko eta lanik onenak bi zinemaldietako egitarau ofizialetan eskainiko dira.

 

GAIA:

Mundua mugi dezaketen pentsamenduak daude. Errealitateak desberdinak izan daitezen eragiten duten pentsamenduak daude. Ez dago portaerarik aldez aurretikako pentsamendurik gabe. Portaera aldaketa pentsamendu aldaketa da. Pentsatzen duguna gara. “Euskaraz bizi nahi dut” pentsatzera iristen garenean bihurtzen gara euskararen normalizazioaren aldeko eragile. Benetan euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin dugunean irabazten dugu gure hizkuntzarentzat garrantzitsua den plaza bakarra, gure gogoaren plaza.

Euskaraz bizi nahi duen jendeak, ordea, oztopoz beteriko bidea aurkitzen du. Nahia eta ezina batera datoz maiz. Ezintasunak pentsamenduari ere eragiten dio eta borroka horretan bizi da euskalduna, Sisiforen antzera harria jasoz eta etengabe gora eginez berarekin.

Film labur txapelketa honen bitartez honako eduki hauek landu eta hedatu nahiko genituzke:

Euskaraz bizi nahi dut pentsamendua hedatzea. Hau da, herritarrei euskaraz bizitzeko arrazoiak eskaintzea.
Euskaraz bizi nahi duten herritarrek pairatu behar dituzten egoerak agerian uztea eta horiek eragiten dieten egonezina erakustea.
Euskaraz bizitzea erabaki dutenen adorea eta jasotzen duten elkartasuna erakustea.
Euskaraz bizitzeko hautua egin ondoren sortzen eta jasotzen diren estimulu positiboak erakustea.
Etorkizuna irabazteko Euskaraz bizi nahi dut pentsamendua iraultzailea dela erakustea.

Film laburrerako ideia hauetako edozein hautatzen ahal da. Zinegilea librea da nahi duen generoa erabiltzeko beti ere, euskaraz bizi nahia goraipatua den bitartean.

LANEN IRAUPENA:

Lehiaketa honetan film laburrak soilik onartuko dira eta ondorioz aurkezten diren lanek film laburren iraupen estandarretara mugatu beharko dute: http://eu.wikipedia.org/wiki/Film_labur

LANEN EZAUGARRIAK:

Aurkeztutako lanen formatuari dagokionez, masterrak gutxienez 1920 x 1080p (Full HD) erresoluzioan egon beharko du eta konprimitu gabeko formatuan (mov, mpeg…). Lanak guri helarazteko ordea, interneterako edozein formatu onartuko da (mov, mpeg, flv, wmv…) eta gutxienez 1280 x 720p erresoluzioa (HD Ready).

BIDALI BEHARREKOA:

Lanak guri helarazteko, filma interneteko plataformaren batera igo behar da (Vimeo, Youtube, Daylimotion…) eta lortutako lotura edo url-a ondorengo helbidera bidali  HYPERLINK “mailto:info@euskarazbizinahidut.org” info@euskarazbizinahidut.org loturarekin batera egilearen datu pertsonalak zehaztuz (izen abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa). Filma antolatzaileok soilik ikusteko moduan egon beharko du aipatutako plataforma horietan, alegia, ez da edonork ikusteko moduan egongo. Hautatutako filmeetako egileek, masterra bidali beharko dute goran aipatutako formatuan.

LIZENTZIA ETA HEDAPEN ESKUBIDEAK:

Aurkeztutako lanak beste edozein lehiaketa edo zinemalditara aurkeztu ahal izango dira. Kontseiluak beretzat gordetzen duen eskubide bakarra lan horiek guztiak hedatzeko eskubidea da. Bi zinemaldien artean ezingo dira lanak publiko egin. Urriaren 19tik aurrera hedatu ahal izango dira filmak.

LANAK AURKEZTEKO EPEA:

Lehiaketaren aurkezpena ekainaren 20an egingo da eta egun horretan bertan zabalduko da lanak bidaltzeko epea. Epe hori ia hiru hilabetez luzatuko da eta ondorioz irailaren 15a izango da lanak bidaltzeko azken eguna.

EPAI MAHAIA:

Lan irabazleak hautatuko dituen epai mahaia arloko profesionalek eta Kontseiluko idazkari nagusiak osatuko dute.


SARI BANAKETA:

Bi sari banatuko dira. Lehen sari banaketa DONOSTIAKO ZINEMALDIAren baitan egingo da, irailaren 26an, Donostian. Bertan jakinaraziko da epai-mahaiaren erabakia eta bertan proiektatuko dira lan irabazlea zein jasotako lanik onenak. Bigarren sari banaketa HENDAIA FILM FESTIVALen egingo da, LES VARIÉTÉS Zinemak emango du saria kasu honetan.

SARIAK:

BBi sari banatuko dira. Festibal bakoitzeko epai-mahaikideek hautatuko dutena. Donostiakoan hautatzen den lanik onenari 2.000 euroko saria emango zaio eta lana DONOSTIAKO ZINEMALDIAn proiektatzea. Gainerako lan onenek ez dute diru-saririk jasoko baina irabazlearekin batera ZINEMALDIAN proiektatuak izango dira, ordu bat iraungo duen emanaldian. HENDAIA FILM FESTIVALen saria 400 euro eta aurkeztutako filma DCP formatura bihurtzea izango da. Gainerako lan onenek ez dute diru-saririk jasoko baina irabazlearekin batera zinemaldian proiektatuak izango dira, ordu bat iraungo duen emanaldian.


ANTOLATZAILEA:

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua da Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren antolatzailea.