Film laburren lehiaketako oinarriak

Film laburren bidez euskaraz bizitzeko nahia irudikatzea da lehiaketa honen helburua. Izan ere, lehiaketa hau euskaraz bizi nahi dutdinamikaren baitan kokatzen da eta lehiaketara aurkezten diren lanek dinamika honi ekarpena egingo diote ikus-entzunezkoen alorretik. Hirugarren edizio honetan Donostiako Zinemaldiarekin indarrak batu ditugu euskaraz bizitzeko nahia hedatzeko eta hamar lanik onenak Zinemaldietako egitarau ofizialean eskainiko dira.

GAIA:

Mundua mugi dezaketen pentsamenduak daude. Errealitateak desberdinak izan daitezen eragiten duten pentsamenduak daude. Ez dago portaerarik aldez aurretikako pentsamendurik gabe. Portaera aldaketa pentsamendu aldaketa da. Pentsatzen duguna gara. Euskaraz bizi nahi dut pentsatzera iristen garenean bihurtzen gara euskararen normalizazioaren aldeko eragile. Benetan euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin dugunean irabazten dugu gure hizkuntzarentzat garrantzitsua den plaza bakarra, gure gogoaren plaza.

Euskaraz bizi nahi duen jendeak, ordea, oztopoz beteriko bidea aurkitzen du. Nahia eta ezina batera datoz maiz. Ezintasunak pentsamenduari ere eragiten dio eta borroka horretan bizi da euskalduna, Sisiforen antzera, harria jasoz eta etengabe gora eginez berarekin. Film labur lehiaketa honen bitartez honako eduki hauek landu nahi ditugu:

– Euskaraz bizi nahi dut pentsamendua hedatzea, herritarrei euskaraz bizitzeko arrazoiak eskaintzea.

– Euskaraz bizi nahi duten herritarrek pairatu behar izaten dituzten egoerak agerian uztea.

– Eta, era berean, pairatu behar dituzten egoera horiek eragiten dieten egonezina islatzea.

– Euskaraz bizitzea erabaki dutenen adorea eta horregatik jasotzen duten elkartasuna adieraztea.

– Euskaraz bizitzeko hautua egin ondoren sortzen eta jasotzen diren estimulu positiboak erakustea.

– Etorkizuna irabazteko Euskaraz bizi nahi dut pentsamendua iraultzailea dela azpimarratzea.

Film laburretan ideia hauetako bat edo antzekoren bat garatzea eskatzen da. Zinegilea librea da nahi duen generoa erabiltzeko, beti ere, euskaraz bizi nahia goraipatua den bitartean.

LANEN IRAUPENA:

Lehiaketa honetan film laburrak soilik onartuko dira eta ondorioz aurkezten diren lanek film laburren iraupen estandarretara mugatu beharko dute: http://eu.wikipedia.org/wiki/Film_labur

LANEN EZAUGARRIAK:

Lanek argitaratu gabeak izan behar dute, beste inon (jailadi, lehiaketa, zinema, telebista edo interneten) ikusi gabeak. Aurkeztutako lanen formatuari dagokionez, masterrak gutxienez 1920 x 1080p (Full HD) erresoluzioan egon beharko du eta konprimitu gabeko formatuan (mov, mpeg…). Lanak guri helarazteko ordea, interneterako edozein formatu onartuko da (mov, mpeg, flv, wmv…) eta gutxienez 1280 x 720p erresoluzioa (HD Ready).

BIDALI BEHARREKOA:

Lanak guri helarazteko, filma interneteko plataformaren batera igo beharko da (Vimeo, Youtube, Daylimotion…) eta lortutako lotura edo url-a  info@euskarazbizinahidut.org helbidera bidali, loturarekin batera egilearen datu pertsonalak zehaztuz (izen abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa). Datu horiekin batera, egileak bere film laburra profesionalen atalera edo amateurren atalera aurkeztu nahi duen zehaztu beharko du. Filma antolatzaileok soilik ikusteko moduan egon beharko du aipatutako plataforma horietan, alegia, ez da edonork ikusteko moduan egongo. Hautatutako filmeetako egileek, masterra helaraziko digute aipatutako formatuan.

LIZENTZIA ETA HEDAPEN ESKUBIDEAK:

Aurkeztutako lanak beste edozein lehiaketa edo zinemalditara aurkeztu ahal izango dira. Kontseiluak beretzat gordetzen duen eskubide bakarra lan horiek guztiak hedatzeko eskubidea da.

LANAK AURKEZTEKO EPEA:

Irailaren 8a izango da lanak bidaltzeko azken eguna.

EPAI MAHAIA:

Lan irabazleak hautatuko dituen epai mahaia arloko profesionalek, Donostiako Zinemaldiko ordezkari batek eta Kontseiluko idazkari nagusiak osatuko dute.

SARIAK:

Sei sari banatuko dira, hiru sari aipatutako atal bakoitzean.

Profesionalen atalean:

1. saria: 2.000 euro (Berria egunkariaren eskutik)

2. saria: 1.000 euro (Zineuskadi elkartearen eskutik)

3. saria: 500 euro (Hamaika Telebistaren eskutik)

Amateurren atalean:

1. saria: 1.000 euro (Kontseiluaren eskutik)

2. saria: 500 euro (Argia astekariaren eskutik)

3. saria: 250 euro (CENTA eskolaren eskutik)

Hamar lanik onenak Donostiako Zinemaldian proiektatuko dira, alegia, sei irabazleez gain beste lau.

SARI BANAKETA:

Sari banaketa Donostiako Zinemaldiaren baitan egingo da, Zinemaldiak horretarako eskainitako aretoan. Bertan jakinaraziko da epai-mahaiaren erabakia eta bertan proiektatuko dira lan irabazlea zein jasotako lanik onenak.

ANTOLATZAILEA:

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua da euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren antolatzailea.