Film laburrak

Besarkaden bideoa

(4:17 min.) Kontseilua 2010

Lagun batek Iruñeko alde zaharra zeharkatzen du txartel bat eskuetan duela, auzokideengan erreakzio ezberdinak eraginez. Zer dio txartelak? Nola erantzuten du jendeak?

Musika airean

(2:48 min.) Bernues Anaiak 2012

Iruñeko Vienes kafetegian jendea kafea hartzen ari da, egunkaria irakurtzen, solasean… Une jakin batean, abesti batek, bertan daudenen artean begiradak, keinuak, hausnarketak… eta erabakiak eragingo ditu.

Garai berriak

(1:53 min.) Koldo Almandoz 2014

Lagun bat bere etxeko sukaldean gosaltzen ari da. Euskarazko prentsa irakurtzen ari den bitartean irratia ere piztuta du. Irratian ere euskaraz ari dira. Laguna lanera abiatzen denean dator ezustekoa…

Kontu txikiak kontari

(5:21 min.) David Bernues 2014

Nolakoak izango dira haur txiki baten pentsamenduak gurea bezalako herri batean? Nola biziko dute hizkuntzen egoera? Nola euskararena? Noiztik gara euskaldunak?

Egunero

(4:25 min.) Uxue Arzelus 2014

Euskaraz bizi da eta pozik dago. Pozik ekin dio egunari, baina, berehala, kalera irten bezain pronto, zailtasunekin egin du topo. Ezin ogia euskaraz erosi, ezin auzokide batzuekin euskaraz egin, txartelak gaztelania hutsean…

Semeak

(7:30 min.) Iker Azkoitia 2015

Lagun batek istripu baten ondorioz oroimena galdu du. Baina oroimena ez ezik, hizkuntza ere galdu du, eta poliki-poliki biak berreskuratzeko bideari ekingo dio.

Josuneren bidaia

(11:30 min.) Peru Galbete 2015

Alan musikari eskoziarrak bikotekide euskalduna izan zuen eta hari esker euskara eta Euskal Herria ezagutu. “Josuneren bidaia” izeneko kantua sortu zuen garai hartan. Eskozian jada, euskarari eta euskaldunoi buruz hitz egiten die entzun nahi dioten guztiei.

Nire eguneroko hautua

(3:40 min.) Mattin Zeberio 2015

Euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunean guztia aldatzen da. Beste pertsona bat gara. Oztopoekin topo egiten dugu, baina oztopoak gainditzen ditugun heinean gure hautua ere indartu egiten da, indartu egiten gara.

Gure historiak soinu ezberdina izango luke

(4:30 min.) Gabriel Gil 2015

Nolakoa litzateke egungo Venezuela Simon Bolibar askatzaileak bere aitonaren hizkuntza, euskara, ikasi izan balu? Nolakoa litzateke egungo Venezuela euskalduna balitz?

Euskaraz bizi nahi dut bideoklipa

(2:40 min.) Kontseilua 2011

“Euskaraz bizi nahi dut” ekimena hedatzen laguntzeko 2011 urtean Esne Beltza taldeak sortutako “Nahi dut” abestiarekin egindako bideoklipa.