Urkidetarrak pozik ikasitakoarekin eta bizitako esperientziarekin

Captura de pantalla 2018-06-14 a las 15.24.24

Larraintzar ikastetxearekin batera, aurtengo Bizi-Bizi jokoaren irabazleak izan dira Gasteizko Urkide Ikastetxeko ikasleak. Ia beste 2.000 gazteekin batera aritu dira Bizi-Bizi jokoan. Iazko abenduan Euskaraz bizi nahi dut materiala eskuratu zuten ikastetxeetan jokoan parte hartzeko kodeak banatu ziren. Gazteek aisialdian ere euskara erabil dezaten ekarpena egiteko sortutako ekimena da.

On line jokoa da Bizi-Bizi. Gai orokorren inguruko euskarazko 17 galdera erantzun dituzte gazteek jokaldi bakoitzean, aplikazioak galdera bakoitzeko emandako 3 erantzun posibleetatik zuzena dena aukeratuta, ahalik eta denbora-tarte laburrenean. Erronka jarri genien gazteei: ikasgelarik euskaltzaleena izatea. Maila bakoitzeko (HH, LH, DBH eta Batxilergoa) irabazleek bina ordenagailu eramangarri jaso dituzte. Larraintzar ikastetxea izan da lehena HHn eta Urkiri ikastetxea, berriz, beste hiru mailatan.

“Irabazi genuen momentuan denok saltoka eta oihuka hasi ginen ikasgelan”, aitortu du Lehen Hezkuntzako ikasle batek. Pozik hartu dituzte irabazitako ordenagailu guztiak, baina esperientzia honetatik azpimarragarriena izandako giro ona eta ikasitako guztia izan dela diote ikasleek. “Interes handia sortu zigun joko honek. Guztion artean denbora polita pasa dugu”, azaldu du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak.

Esperientzia polita izan dela onartu arren, Bizi-Bizi jolasaren galderak ez zaizkie batere errazak iruditu. Baina erantzunen bila ibili beharrak interesa piztu die eta gustura aritu dira: “Ez da izan erraza”dio ikasle batek eta gaineratu du “herrietako biztanleria galdetu digute askotan. Oso zaila zen hori. Ez nekizkien erantzunak”.

Lehiaketari esker asko ikasi dute, beraz. “Hiztegi asko ikasi dugu, adibidez. Ezagutzen ez nituen hitzen esanahiak ikasi ditut, geografiako kontuak…”dio Bigarren Hezkuntzako ikasleak. Aberatsa izan da esperientzia ikasleentzat, baina baita irakasleentzat ere.

Iñigo Otsoa de Etxaguen irakasleak azaldu duenez, “giro erdaldunean bizi gara eta edozein aitzakia da ona euskara sustatzeko eta bultzatzeko. Guk dugun arazoa beti horixe da, nola iritsi ikasleengana euskaraz eta nola lortu beraiek euskaraz disfrutatzea. Eta uste dut horrelako ekintzekin lortzen dela.” Euskaraz gozatzea lortu dutela aitortu du Otsoa de Etxaguenek: “ikasleek asko disfrutatu dute, esan bezala, euskaraz. Gustura hartu zuten parte.”

, , , , ,