Larraintzargo gazteak bizi-bizi

Captura de pantalla 2018-06-20 a las 10.22.40

Jolas honen berri izan genuenean, zertan zatzan ikusteko saltseatzen hasi
ginen irakasleok. Nola antolatu, zein gelatan egin… HH, LH eta DBHko frogak egiten
hasi ginen eta geure artean nahiko barre eginez ibili ginen, azkar, elkarri presa
sartuz, gauzak ongi eta azkar egin nahita, usoak hegan bezala. Batek, bat zioen,
besteak bestea, gaizki eginez gero txisteak ateraz elkarri… Giro aparta izan genuen,
erabat harrapatu gintuen hasieratik jokoak eta dudarik gabe geletara eramatea
erabaki genuen.

Haur Hezkuntzan, hainbat ezaugarri ez genituen alde. Ikasle batzuk ez daude
irakurtzeko prestatuak, baliabide teknologiko aldetik ez gaude prest haurrak banaka
egoteko ordenagailuetan… beraz, talde handian egitea erabaki genuen. 4 eta 5
urtekoekin hasi ginen jolasean. Hasiera batean ez zekiten zer egin beharko zuten,
baina lehenengo jolaseko 17 galderak egindakoan… jarraian oihukatu zuten:
“Berriz!” Behin eta berriz jolasteko gogoa zuten, aspertu gabe, batzuk errepikatzen
zirenez, denak buruan hartuz. Irakasleak galderak irakurtzen zituen eta ikasleek
erantzun. A ze nolako abiadan gainera! Duela egun gutxi Peruharrira joanak ginen,
Iñaki Perurena agertu zen galdera batean eta ze emozioa! Ikasleak beraiek ere
erantzunak asmatu ahala geroz eta alaiago, emozionatuago… Ondoren, Iruñeko bi
argazki, itsasontziak, izarrak… bata bestearen jarraian erantzunez gustora.

Jolas honekin, gure ama hizkuntzak ere lantzeko beta hartu dugu. Adibidez,
galdera batean guraizeak agertu ziren, eta Ultzaman, piruxak deitzen zaie. Ikasle
batek esan zuen, bere amak aixturrak deitzen diela eta beste baten osabak,
artaziak.

Ultzama, Baztan, Goierri, Malerreka, Bortziriak, Bizkaia… leku askotako
euskaraz jarduten gara eskolan zorionez, elkar aberastuz eta bata besteen euskara
entzun eta ezagutuz. Benetan aberatsa iruditu zaigu gazteak bizi bizi ekimen hau
gure hizkuntzaz eta euskararen balioaz lanketa egiteko. Baita talde lanean aritzeko
ere, gu ibili garen moduan, bakoitzak bere ekarpena eginez.

Eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen, horrelako jarduerak egiten
jarraitu dezazuen euskaraz, euskaratik eta euskararentzat.

Esker mile, esker aunitz, mila esker, eskerrik asko.

Larraintzarko eskolaren partez!

 

, , ,