Iker Azkoitiaren Semeak lanak irabazi du Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren lehen saria

talde_argazkia_2015txikia

Kontseiluak Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren laugarren edizioaren sari-banaketa gala egin da Donostiako Kutxa Andia aretoan. Bertan eman ditu epaimahaiak ezagutzera sarituak izan diren lanen izenak. Iaz egin bezala, bi kategoriatan banatuta egon da sariketa, profesionalena, batetik eta amateurrena, bestetik eta hiruna sari banatu dira kategoria bakoitzean. Semeak laburrak, Iker Azkoitiarenak irabazi du profesionalen atalean eta amateurrenean berriz, Mattin Zeberioren Nire eguneroko hautuak. Saritutako lanak www.euskarazbizinahidut.eus webgune honetan bertan ikus daitezke.

Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak, Donostia Zinemaldiko zuzendaritzako kide Maialen Belokik eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok osatu dute aurten epaimahaia.

Bada, epaimahaiak hala erabakita, profesionalen ataleko lehen saria (2.000 euro) Iker Azkoitiari eman zaio, Semeak izeneko filmagatik., ondoren azaldutako arrazoiengatik: “Filmean zerbait desberdina egiten saiatu dira eta horri balio handia eman dio epaimahaiak… Hizkuntza ikasteko arrazoien beste ikuspegi bat azaltzen du… eta hainbat topiko hausten du”. Bigarren saria (1.000 euro) Patxi Basaberen Lasterketa laburrak jaso du. Bereziki honen kalitate teknikoa nabarmendu du epaimahaiak. Hirugarren saria (500 euro) Peru Galbeteri eman diote, Josuneren bidaia lanagatik. “Ideia oso interesgarriak” jasotzen dituela nabarmendu dute.

Amateurren atalean, berriz, lehen saria (1.000 euro) Mattin Zeberioren Nire eguneroko hautuak filmak jaso du. Epaimahaikideen ustez, “filmak erritmo bizia du eta oso ondo kontatzen du nahi duena, alegia, norberak egiten duen hautua euskaraz bizitzeko. Film dinamikoa da, bai eta arina ere”. Bigarren saria (500 euro) Egoitz Albizuren Balu eta balitz filmari ematea erabaki du epaimahaiak. “Mezu interesgarria” zabaltzen duela ondorioztatu du. Hirugarren saria (250 euro), berriz, Andrea Merinoren Zentzu guztietan film laburrari ematea erabaki du epaimahaiak “filmak askotan erabili den ideia bat baliatu arren, dotore egiten duela iruditu zaigu, eta horrexegatik saria merezi duelakoan gaude”.

Galan, lehiaketara aurkeztu diren lanetatik hamar onenak ikusteko aukera izan da. Ondoren egin da sari banaketa. Horretaz gain, aurreko urtetan bezalaxe, eskertzarako tartea ere egon da. Aurten, Zinea.eus atariko sortzaileei egin zaie omenaldia. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu du hizkuntza baten normalizaziorako hiztunak sortzearekin batera espazioak ere beharrezkoak direla. Ildo horretan, Zinea.eus-ek zinemazale euskaldunentzat espazio birtuala sortzen egindako lana saritu nahi izan da.

Paul Bilbaok bere hitzartzean euskaraz bizi nahi dut dinamikaren nondik norakoak azaldu ditu; izan ere, lehiaketa hau horren baitan egiten da. “Euskaraz bizi nahi dut esatean, gure nahia adierazten ari gara, eta euskaraz bizi nahi izateak aldarrikatzen duena lortzen du. Hau da, euskaraz bizi nahi dugula esaten eta aldarrikatzen badugu, portaera jakin batzuetara garamatza. Euskararen alde egon, baina euskalduna ez denari ere eragiten dio euskaraz bizitzeko nahiak”.

“Horrexegatik, lehiaketaren helburua euskaraz bizi nahi dut  ideia ahalik eta gehien hedatzea da, horrela, kasu honetan hizkuntza zinematografikoa erabiliz, gero eta norbanako gehiagok ideia hori bere egin dezaten nahi dugu, gero eta jende gehiagok euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, dakitenek hitz eginez eta ez dakitenek ikasiz”, esan du Bilbaok.

Elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu du. “Kontseiluan oso argi dugu, euskararen berreskurapen prozesuan urrats kualitatiboak eman nahi baldin baditugu, beharrezkoa dela eraldaketa soziala ematea eta eraldaketa sozial horretan guztiok dugu zer egina eta zer esana”. Ildo beretik hitz egin du ere Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek ere.

Honela bada, eta  Euskaraz bizi nahi dut filosofiari jarraituz, elkarlana izan du oinarri lehiaketak.
Donostia Zinemaldiaren laguntzaz gain, Berria, Argia, Hamaika Telebista, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Arabako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Gasteizko Udala eta Kutxa Fundazioaren babesa ere izan ditu proiektuak. Hauen ordezkariek sari banaketan parte hartu dute.