Eusle ekimenaren baitan egingo dute ahalduntze ariketa Tolosako hainbat gurasok

Tolosa

[Argazkia Tolosaldeko Atariarena da]

Tolosaldeko 50 gurasok konpromisoa hartu dute hiru astez euskara hutsez bizitzeko ahalegina egiteko. Egitasmoa Euskararen Mahaiak– Galtzaundi euskara taldea, Aitzol Udal Euskaltegia, Tolosako ikastetxeak eta udal teknikariak– abiatu du. 2016 urtean egindako hizkuntza neurketak emandako emaitzak izan dira ekimena egitera bultzatu dituena. Ikastetxe atarietan, gurasoen erdiek baino gehiagok gaztelerara jotzen dutela berretsi zuten zenbakiek.

Tolosaldeko atariak jaso duenez, Eusle izenburupean, aurkeztu berri duten kanpainak gurasoei jarri nahi izan die fokoa. Modu horretan maiatzaren 8tik 26ra bitarte, ‘euskarari eusten saiatuko dira’ guraso parte hartzaileak ekimenaren aurkezpenean esan dutenez.

Guraso bakoitzak astebetez euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu du, eta norbere esku izango dute, gero, hasitakoarekin jarraitzea. Eusle kanpainak dirauen bitartean, gainera, parte hartzaileek txapa bana izango dute soinean, kanpaina identifikatzen duen leloarekin.

Ekimen hau, aurretik beste hainbat herritan egin diren euskaldunon ahalduntze ariketei gehitu behar zaie. Bakoitzak hautatu du zein formatutan, zein konpromiso hartu duen eta zenbat denboran luzatuko duen, baina guztiak ere euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko balio dute, ezbairik gabe.

Eusle kanpaina Arnastu Euskara lipdub erraldoiak biribilduko du, maiatzaren 27an, Tolosan.

, ,