Euskaraz bizitzea euskaraz nabigatzea ere badelako, interneten ere, lehen hitza euskaraz

InternetenEreLehenHitzaEuskaraz

PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak elkarlanean garatutako ekimena da aipatu kanpaina. Maiatzaren 17an Internet eguna ospatu bezperan aurkeztu dute prentsaren aurrean.

Agerraldian azaldu dutenez, Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia gehienetan gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz.

Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala, egin duten azterketen arabera. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).

Euskaraz bizitzea, gure egunerokoan egiten ditugun zio guztiak gure hizkuntzan egitea da. Interneten euskaraz nabigatzea ere, beraz, euskaraz bizitzea da. Hortaz, euskaraz bizi nahi dugun guztioi zuzenduta eskaera luzatu dute ekimenaren bultzatzaileek. Enpresa eta eragileei webguneetako hizkuntza lehenetsia euskara jartzeko, egun hala ez bada. Erabiltzaileei, berriz, Internetera konektatzeko gailuak eta nabigatzailea euskaraz konfiguratzea.

Beste gonbidapen bat ere luzatu da agerraldian. Bihar, hilaren 17an, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean 19:00etan egingo den ekitaldira joateko.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik.

Utzi erantzuna