Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren gala hilaren 19an izango da

familiargazkia1280

Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren laugarren edizioaren gala irailaren 19an ospatuko da, Donostia Zinemaldiaren baitan. Donostiako Kutxa Andia aretoan egingo den ekitaldian lehiaketara aurkeztu diren labur onenak ikusteko aukera egongo da. Epaimahaiak saritutako lanak zeintzuk izango diren ere bertan ezagutuko da. Aurten, Zinea.eus izango da omendua.

Gala hilaren 19an izango da, esan bezala. 19:00etan hasiko da eta bi ordu inguruko iraupena izango du. Laburrak lehiaketara aurkezteko epea amaituta, epai-mahaiaren esku daude jada ezarritako baldintzak betetzen zituzten labur guztiak. Epai-mahaia Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak; Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza batzordeko kideak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak osatzen dute eta, esan bezala, jada lan onenak hautatzeko lanean ari dira.

Ekitaldian, lehenik lehiaketara aurkeztutako lanik onenak proiektatuko dira. Aurten, inoiz baino lan gehiago aurkeztu da lehiaketara eta epaimahaiak sailkatutako guztietatik hamar onenak ikusi ahal izango dira.  Ondoren jakinaraziko ditu epai-mahaiak saritutakoen izenak.

Aurreko bi ediziotan egin bezala, zinema munduan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik aitortza egingo zaio pertsona edo erakunderen bati.  Aurten Zinea.eus-ek egiten duen lana sarituko da. Euren aurkezpen gutunean dioten moduan, “euskal ikus-entzunezkoen eta zinemazaleen bilgunea izatea da gure proposamena” eta hain zuzen ere, horregatik, euskal komunitatearen zinemazaleak saretzen egiten duten lana goraipatzea erabaki da. Iaz Lekeitioko Euskal Zine Bilerako lagunek jaso zuten bezala, hauek ere Aitor Ruiz de Egino artista hernaniarrak egindako oroigarria jasoko dute.

Ekitaldirako sarrera doakoa izango da, baina aretoak edukiera mugatua duenez, bertaratu nahi duen orok aurrez sarrera eskatu beharko du +34 943591200 telefonora deituz edo info@euskarazbizinahidut.eus helbidera idatziz (irailaren 18a, 14:00ak baino lehen).