EUSKARALDIA, 11 egunez euskaraz aritzeko erronka

euskaraldia

Hizkuntza ohituretan eragin nahi duen Euskaraldia egitasmoa aurkeztu dute, Euskal Herri osoko herri erakunde eta gizarte eragile eta elkarteen babesarekin. Ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da, «11 egun euskaraz» lelopean, eta euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.

Hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko ekimenaren aurkezpenean parte hartu dute Euskaraldiaren sustatzaile diren 27 entitate eta erakundeetako ordezkariek.

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri izango ditu.

Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.

Informazio gehiago hemen.

Argazkia: ARGAZKIPRESS