“Baietz Hernanik!” egitasmoa abian da Hernanin

erronka

Otsailaren hasieran jarri zuen martxan Euskara ari du Kultur Elkarteak “Baietz Hernanik!” urtebeteko erronka. Hernaniarrei hizkuntza-ohiturak aldatzea da ekimenaren helburua, eguneroko harremanetan erdarara jotzeko duten ohitura aldatzeko.

Egitasmoak erronkalariak behar ditu; batetik, euskaraz ongi dakitenak eta, bestetik, euskara ulertu baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak. Euskaraz dakitenek euskarari eutsi beharko diote ahal den guztietan; euskaraz ulertu bai baina hitz egitea kostatzen zaienek, aldiz, eskatu egin beharko diote, euskaraz dakienari, euskaraz jarraitzeko.

Egitasmoaren hasieran, 125 erronkalarik eman zuten izena, baina dagoeneko irekita dago martxoko izen ematea. Izan ere, ekimenean parte hartu ahal izateko izena eman behar da internetez, 673926133 telefonora deituz, Hernaniko ekitaldi nagusietan jarriko diren mahaietan eskuorriak betez, edota Larramendi 11ko lokaletako bulegora bertaratuz.

Hilean erronka bat hartu ahal izango da eta norberak erabakiko du erronka horrekin zenbat hilabetez jarraitu nahi duen. Erronka horiei jarraipena egingo zaie inkesta bidez, egitasmoak zer nolako eragina izan duen baloratzeko. Egitasmoa 2018ko abenduaren 31n amaituko da.

Informazio gehiago: www.euskaraaridu.eus