“Administrazioan ere euskaraz bizi nahi dut” ekimena

inj_580

Nafarroako herritarrak gara eta euskaraz bizi nahi dugu, goizetik gauera, lagunekin, lanean, aisialdian, baita ADMINISTRAZIOAN ere.

Euskaraz bizitzeko dugun eskubidea etengabe praktikara eramaten saiatzen gara eta gure eskubidea urratzen zaigun bakoitzean, ahalduntzea erabakitzen dugu. Urraketa bakoitzaren berri Hizkuntza Eskubideen Behatokian ematen dutgu www.euskararentelefonoa.com gunean, hain zuzen ere.

Apirilaren 23an, ostegunarekin, Anaitasunako ekitaldiaren ingurumarian, gurekin batera ahalduntzera animatu nahi zaituztegu, alegia, Nafarroako Administrazioaren hizkuntza-eskubideen urraketak salatzeko ondorengo dinamika proposatu nahi dizuegu:

– Egun horretan Nafarroako Administrazioak euskaraz bizi nahi dugunoi ezartzen dizkigun oztopoak berri publikoki salatuko ditugu twitter bidez #ap25anahitasuna traola erabiliz (@euskbizinahidut @behatokia jarraitzaileei zuzenduz). Nahiago baduzue, zuen testigantzak euskarazbizinahidut@gmail.com helbidera bidali eta guk hedatuko ditugu.

– Era berean, ostegunean bertan, Nafarroako Gobernuko egoitza desberdinetara euskaraz zuzenduko gara: emailez, telefonoz, aurrez-aurre… Bilatu egokien bururatzen zaizuen aukera edo izapidea (deitu eta ordutegiaz galdetu, egoitza non dagoen galdetu, Errenta Aitorpenarekin lotutako zalantza…). Helburua euskaraz bizitzeko dugun nahia eta eskubidea praktikan jartzea da: 1) hasieratik euskaraz zuzenduz eta 2) gu artatzeko euskaldunen bat ote dagoen galdetuz…. Gure eskubidea urratu dela ikusiz gero, horren berri eman twitter bidez edo Behatokian www.euskararentelefonoa.com webgunearen bidez.

Egun berean, apirilaren 23an, eguerdiko 12etan Gazteriaren Institutuak duen errotulazio urratzailea salatzeko bertako sarreran elkartuko gara (Yanguas y Miranda kaleko 27, behe-solairua). Elkarretaratzean euskarazko errotulazioa eskatu eta Anaitasunara dei eginen dugu.

Euskaraz bizi nahi dugu, aldaketa garaia da!

Eta larunbatean denok Anaitasunara!